XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Danuta ez zen sartzen berak ezagutu izandako emakume edadetuen ereduan.

- Oh, pitxiak besterik ez dira, ilusiozkoak.

Badakizu, Polonian oso pobre bizi gara orain.

Hori esanez batera, Danutak eskura eman zion bere belarritako bat.

Ez zeukaten batere pisurik.

- Benetako asko baino politagoak dira -asmatu zuen Carlosek belarritakoa itzuliz.

- Arrazoi duzu, oso politak dira.

Baina ez dezagun esajeratu, benetako esmeralda batzuk ederragoak izango lirateke.

Eta zuri, zer gertatu zaizu besoetan?

Urratu-urratuak dauzkazu!

- Sasi garbiketan aritu nintzen atzo.

Baina ez da ezer -erantzun zion Carlosek bere bi besoei begiratu bat emanez.

Zakurrak zaunka batean hasi ziren berriro, baina abistu bat entzun eta bidatzurrean gora ekin zioten korrika.

Segundu batzuk geroago, Guiomar eta Pascal azaldu ziren La Banyera-ren bestaldean: Guiomar zumitzezko saski bat besoan hartuta, Pascal zakurrak lotzeko bi puntako hede batekin.

- Uste dut Guiomarrek pic-nic bat egin nahi duela hemen -esan zuen Danutak liburua alboko harri baten gainean utzi eta agur egiteko zutituz.

Liburua Cyprian Kusto izeneko egile batena zen, eta, berak ulertzen zuenaren arabera, poema liburua zen.

- Hiru klasetako sandwich-ak, bi klasetako zerbeza, fruta piska bat eta zortzi kikara kafe termoan sartuta.

Zer, nahikoa izango al da Poloniaren garaipena guk, guk biok Danuta, bigarren aldiz ospatzeko eta beste zaletu kaskar batzuek lehen aldiz ospatzeko? -galdetu zien Guiomarrek saskia beraien aurrean zabalduz.

Gehientsuenetan bezala, oso umore onean zegoen.

Danutak eta Carlosek baietz egin zioten.

Danutak mirespenez bezala zabaltzen zituen begiak, eta farrez hasten zen gero.

- Non ibili haiz besoak hola edukitzeko? -galdetu zion Carlosi urratuez ohartu zenean.

Danutaren erantzun berbera jaso zuen.

- Eta nik ez al dut ospatu behar? -esan zuen Pascalek sandwichetara inguratuz.